Irautera

Helduendako poesia


ISBN: 9788490278482

Argitaletxea: Elkar

Edizio urtea: 2019

Castillo Suarezi zer edo zer gertatu zaio. Haizeak pinuaren adaburua lez inguratu du bizitzak, eta Irautera eder honen bitartez ekarri dizkigu zaurgarritasuna eta indarra, etsi gaiztoa eta kreatibitatea. Liburu bakanak dira horrela laburbiltzen dituztenak garai bateko gazi-gozoak, non gazia ez den hain gazi, non gozoa den saihestezin esateko beste modu bat: “Maitetasunak badu abantaila bat bederen:/ zauririk ez da egiten orbainen gainean”.

Castillo Suarezi zer edo zer gertatu zaio beraz. Eta nori ez.

Musika talde bateko kide guztiak momentu magiko batek jota egon eta diskoa grabatzen dutenean bezala, grazia egoeran daude hemen Castillo guztiak. Autoafirmazioarena, bakardadearena, feminitatearena. Denek batera konposatu dute pieza bat bakarra, liburu honetako poema guztiek osatzen baitute bakarra. Bere aurreko liburuak baino liburuago, Irautera hiztegi bat ere bada maitasunaren botanikaz hitz egiten diguna. Eta aurreko liburuen aldean sinbolismo arean gutxiago ere nabari zaio, errealismo minimalista bat darabil-eta, non ñabardura guztiak diren inportanteak: “Ez kantarik, ez argazkirik./ Joan zinenetik/ saihesten ditut mendiak zein ibaiak”.

(Igor Estankona)

Nemo kapitainaren azken bidaia

Haur literatura

Nemo kapitainaren azken bidaia
ISBN: 9788491092001

Argitaletxea: Erein

Edizio urtea: 2017

Nadia dut izena, ez dut anai-arrebarik, eta amarekin bizi naiz errepide ondoko pisu batean. Aita ez da gurekin bizi. Baina ez nire gurasoak bananduta daudelako, baizik ezin direlako elkarrekin egon. Nire aita kartzelan dago. Jaio nintzenean ere kartzelan zegoen. Niri ez zaizkit kartzelak gustatzen, hotzak eta zikinak direlako. Nik itsaso zabala maite dut, eta, nire aita non dagoen galdetzen didatenean, Ozeano Barean dagoela esaten dut maiz, urpekari batean, Nemo kapitaina bezala.

Poetikak & poemak

Bestelakoak

Poetikak eta poemak
ISBN: 9788497462662

Argitaletxea: Erein

Edizio urtea: 2005

Poetikak & Poemak argitalpen berri honek Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Miren Agur Meabe, Joseba Sarrionandia, Castillo Suarez eta Kirmen Uriberen poetika eta poema sorta bana eskaintzen dizkio irakurleari.

Liburuaren koordinazioa bere gain hartu duen Iban Zaldua idazlearen hitzetan, “gure helburua, egile bakoitzaren poetika ezagutaraztea izan da”.

Poetika zer den adierazteko, Zalduak honako metafora hau erabili du: “Egile bakoitzak bere meategia, poesia ateratzen duen zuloa, nolakoa den erakusten du, baina horretarako oso linterna mota desberdinak erabil daitezke; batek linterna elektrikoa erabiltzen du, besteak gasezkoa, besteak kandela bat”.

Horrela, liburuan bildutako poetek erabiltzen dituzten poetika desberdinen arteko konparazioak, erraztu egiten du poesia zer den galdera erretorikoari bakoitzak ematen dion erantzuna ulertzea.

“Poeta bakoitzak bere poetika azaltzean, ez dio erantzuten ‘zer da poesia?’ galderari, ‘zer da poesia niretzat?’ itaunari baizik”, argitu du Zalduak.

(Ainara Iraeta)

Agur, Agur!

Haur literatura

Agur, Agur!
ISBN: 9788497469340

Argitaletxea: Erein

Edizio urtea: 2015

Miren Agurtzane deitzen naiz, baina izena moztu eta Agur deitzen didate guztiek. Neska txiki samarra naizelako izanen da. Nire gurasoak bananduta daude. Astean zehar amarekin bizi naiz, eta asteburuetan txandaka. Nire gurasoak banandu egin dira, eta ni triste nago oso. Nahiz eta berdin edo gehiago maiteko nautela esan didaten, nik ez dakit sinetsi ala ez.

Zerua berun

Helduendako albumak

Zerua berun
ISBN: 9788483949160

Argitaletxea: Ibaizabal

Edizio urtea: 2014

Poema luze bat da album honetako  testua, prosa poetiko laburra, beraz.

«Garbi neukan ezin nuela narrazio klasiko bat egin –adierazi zuen Castillo Suarezek liburuaren aurkezpenean–. Nik ongi menderatzen dudana prosa poetikoa da.

Lehen pertsonan idatzia, sentimenduak eragiten dituen irakurketa dugu, malenkoniatsua da sortzen duen giroa. Kontatzen dena aldentzen doazen bi pertsonen harreman sentimentala da, beldurra bakardadearen aurrean, hitz ez-ulertuak, sendatu gabeko zauriak, barnera bilduta eta zalantzaz beteta bizi den pertsona baten gogoetak dira.

“Presentzia eta absentziaren arteko jokoa islatu nahi nuen. Gehiago da kontatzen ez dena kontatzen dena baino”. Eta hala da, ez da gehiegi zehazten, narratzaileak ez du azalpenik ematen, irakurleari eta ilustratzaileari uzten zaie istorioa osatzeko aukera. Oso ipuin atmosferikoa gelditu zaiela aipatu zuen idazleak, eta esate horrek ondo deskribatzen du ipuinaren giroa. Ez da kasualitatea albuma Joseba Sarrionandiaren aipuarekin hastea: Zerua itsaso zikin bat da. Bete-betean aukeratutako esaldia, poemaren atmosferarekin bikain ezkontzen dena.

Elkarrekin dantza egiten dute testuak eta irudiak, hitzak bezain intimoak dira marrazkiak. Elurpean emakumearen gorputz siluetak antzematen dira, txoriak protagonista. Mutuberriak normalean erabiltzen duen teknika tinta eta akuarelaz osatua da. Horrela hurbildu da liburura, irudimena martxan jarri eta irakurketa zabala eskaini digu. Paisaia gris eta pisutsua azalduz, beruna legez, urdin-gris eta ilun. Naturaren indarra da iradokitzen diguna, leuna batzuetan, gogorra beste hainbestetan.

Album ilustratu ederra, aberatsa, ausarta, sailkaezina, soseguz dastatzekoa, behin eta berriz irakurtzeko eta interpretatzeko parada ematen duena, testuak eta ilustrazioek barnean ezkutatuta dituzten zalantzak argitu arte.

(Asun Agiriano)