Agur, Agur!

Haur literatura

Agur, Agur!
ISBN: 9788497469340

Argitaletxea: Erein

Edizio urtea: 2015

Miren Agurtzane deitzen naiz, baina izena moztu eta Agur deitzen didate guztiek. Neska txiki samarra naizelako izanen da. Nire gurasoak bananduta daude. Astean zehar amarekin bizi naiz, eta asteburuetan txandaka. Nire gurasoak banandu egin dira, eta ni triste nago oso. Nahiz eta berdin edo gehiago maiteko nautela esan didaten, nik ez dakit sinetsi ala ez.

Zerua berun

Helduendako albumak


ISBN: 9788483949160

Argitaletxea: Ibaizabal

Edizio urtea: 2014

 

 

 

Poema luze bat da album honetako  testua, prosa poetiko laburra, beraz.

“Garbi neukan ezin nuela narrazio klasiko bat egin” adierazi zuen Castillo Suarezek liburuaren aurkezpenean. “Nik ongi menderatzen dudana prosa poetikoa da.”

Lehen pertsonan idatzia, sentimenduak eragiten dituen irakurketa dugu, malenkoniatsua da sortzen duen giroa. Kontatzen dena aldentzen doazen bi pertsonen harreman sentimentala da, beldurra bakardadearen aurrean, hitz ez-ulertuak, sendatu gabeko zauriak, barnera bilduta eta zalantzaz beteta bizi den pertsona baten gogoetak dira.

“Presentzia eta absentziaren arteko jokoa islatu nahi nuen. Gehiago da kontatzen ez dena kontatzen dena baino”. Eta hala da, ez da gehiegi zehazten, narratzaileak ez du azalpenik ematen, irakurleari eta ilustratzaileari uzten zaie istorioa osatzeko aukera. Oso ipuin atmosferikoa gelditu zaiela aipatu zuen idazleak, eta esate horrek ondo deskribatzen du ipuinaren giroa. Ez da kasualitatea albuma Joseba Sarrionandiaren aipuarekin hastea: Zerua itsaso zikin bat da. Bete-betean aukeratutako esaldia, poemaren atmosferarekin bikain ezkontzen dena.

Elkarrekin dantza egiten dute testuak eta irudiak, hitzak bezain intimoak dira marrazkiak. Elurpean emakumearen gorputz siluetak antzematen dira, txoriak protagonista. Mutuberriak normalean erabiltzen duen teknika tinta eta akuarelaz osatua da. Horrela hurbildu da liburura, irudimena martxan jarri eta irakurketa zabala eskaini digu. Paisaia gris eta pisutsua azalduz, beruna legez, urdin-gris eta ilun. Naturaren indarra da iradokitzen diguna, leuna batzuetan, gogorra beste hainbestetan.

Album ilustratu ederra, aberatsa, ausarta, sailkaezina, soseguz dastatzekoa, behin eta berriz irakurtzeko eta interpretatzeko parada ematen duena, testuak eta ilustrazioek barnean ezkutatuta dituzten zalantzak argitu arte.

(Asun Agiriano)

Amalia eta Amelia

Haur literatura

Amalia eta AmeliaISBN: 9788415756507

Argitaletxea: Denonartean

Edizio urtea: 2014

Elurra mara-mara ari zuen gau luze baten erdian, lera gorri bat iritsi zen ospitale baten atarira. Handik gutxira, bi neskatiko jaio ziren. Txikiak berdin-berdinak zirenez, gurasoek Amalia eta Amelia deitzea erabaki zuten. Lehendabizikoari Amalia jarri zioten, eta bigarrenari Amelia, a beti esaten dugulako e baino lehenago: a, e, i, o, u.

Erikaren ttilikak

Haur literatura

Erikaren ttilikakISBN: 9788482630021

Argitaletxea: Aizkorri

Edizio urtea: 2013

Bazen behin neskatiko bat ilea harroa zuena. Lagunek iseka egiten zioten horregatik. Erikari, orduan, aurpegia ilundu egiten zitzaion. Neskatikoak orduan negar egiten zuen, eta negar ttilikak poliki-poliki irristatzen zitzaizkion masailetatik behera: ttik, ttik, ttik! Baina Erikak ez zituen inoiz malkoak xukatzen. Haren bidea egiten uzten zien balkoiko loreontzietan pausatzen ziren arte.

Krispeta hegalariak

Haur literatura

Krispeta hegalariakISBN: 9788415337751

Argitaletxea: Elkar

Edizio urtea: 2012

Maite ditut oporrak eskolarik ez dagoelako, eta amonaren etxean egoten naizelako. Nire amona motorzalea da. Nahiko arriskutsua da amona motorrarekin. Amonari, beste gauza batzuen artean, janaria prestatzea gustatzen zaio eta koaderno lodi batean idatzita ditu bere errezeta guztiak. Gaur, amona baratzean dagoela aprobetxatuta, errezeta liburua ireki eta krispeta hegalariak egitea erabaki dut.

Urtebetetze festa

Helduendako poesia

Urtebetetze festaISBN: 9788490270080

Argitaletxea: Elkar

Edizio urtea: 2012

Castillo Suarez poeta altsasuarrak aurrerapauso bat eman du liburu berri honetan. Aurreko bildumen ildotik (Spam poemak, Bala hutsak, Souvenir), esandakoaren eta esan gabekoaren arteko kontrastearekin jokatzen du, polisemiaz beteriko mezu irekiak erabiltzen, ironia-karga handia duten esaldi biribilak botatzen. Lirismo itxurazkoari ihes egiten dio Suarezek, lerro ebakien teknikari ere uko eginez, poetikotasuna barrurago, sakonago ezkutatzen den zerbait dela frogatuz.

(Antxiñe Mendizabal)

Muxurik nahi?

Haur literatura

Muxurik nahi?ISBN: 9788427132566

Argitaletxea: Mezulari

Edizio urtea: 2011

Kariñeri ikaragarri gustatzen zaio estutuak eta musutxoak ematea, egun osoa pasatuko luke horrela. Gelara mutil berri bat dator, Adolfo, baina hari ez zaizkio hainbeste gustatzen eta Kariñe kaparra hutsa dela uste du. Urtebetetze festa bat ere badago…

Nobio bat nire amarentzat

Haur literatura

Nobio bat nire amarentzatISBN: 9788497839761

Argitaletxea: Elkar

Edizio urtea: 2011

Jagoba botika baten gainean bizi da, amarekin. Botikaria baitu ama. Baina amak arazo bat du, Jagobaren iritzian: ez dauka nobiorik. Hortaz, amarentzako nobio bila hasiko da han-hemen, hainbat aukera neurtuz: bere lagun Edortaren aita? Igerilekuko soroslea? Botiken garraiolaria? Azkenean iragarki bat ipiniko du Interneten, eta hortik aurrera etorriko dira ustekabekoak.

Ebelina Mandarina

Haur literatura

Ebelina MandarinaISBN: 9788497465670

Argitaletxea: Erein

Edizio urtea: 2010

Nire etxea kolore askotakoa da. Urdina du goiko aldea, udako zerua bezala, eta gorria behekoa, amak ezpainak margotzen dituen kolore berekoa. Nire etxea tokiz aldatzen da egun batetik bestera, baina ez naiz barraskiloa. Ni zirku batean bizi naiz. Ez da zaila hori ondorioztatzea nire etxeak gurpilak dituela esaten badut, eta nire ama trapezista dela. Ebelina dut izena. Amak eta amonak ere Ebelina dute izena. Horregatik deitzen didate Ebelina Mandarina. Horregatik eta nire ilearen koloreagatik. Batzuentzat gorria da; besteentzat laranja.

Souvenir

Helduendako poesia

SouvenirISBN: 9788497835657

Argitaletxea: Elkar

Edizio urtea: 2008

Liburuz liburu, ahots bat lortu du, estilo bat garatu du, nortasun bat eraiki du Castillo Suarezek, euskal poesian berezko lekua eta izaera propioa eman dizkiona. Ibilbide horretan pauso berri bat da Souvenir; progresoan sinetsiz gero aurrerapauso bat dela esan behar genuke, baina beharbada zehatzagoa litzateke pauso bat barrurago egin duela esatea. Castillo Suarezen poesiaren betiko bereizgarrietako batzuk topatuko ditugu hemen: giza harremanez sakon eta zorrotz aritzea, ez mezu biribilez eta sententzia unibokoz baizik eta esaldi zirikatzailez eta irudi iradokitzailez; hizkuntza aratz eta aldi berean hurbila erabiltzea, poetikotasuna eguneroko hiztegiaren depurazioan bilatuz, eta ez artifizio eta estetizismoetan. Beste ezaugarri batzuetan, berriz, desberdina iruditu zaigu: ironia, irakurlearekiko konplizitate-keinu eta urruntze-teknika gisa orain arte hain etengabea zena, gutxiago erabili du orain, minaren mugan trufak bere funtzioa, bere ahalmena galdua balu bezala; horrekin batera, irudi luke idazlearen mozorroa erortzen uzten duela tarteka, haren ostean kukutzen den pertsonaren biluztasuna sumatzen uzteko, irakurlearen biluztasunaren ispilu bihurtzen ahal dena.

(Xabier Mendiguren)